NAIZ

Trantsizio ekosozialak «inoiz baino premia handiagoa» duela ohartarazi dute Ekotopaketeetan

Jauzi Ekosozialak Euskal Herriko II. Ekotopaketak gauzatu ditu asteburuan zehar. jardunaldia oso positiboki baloratzeaz gain, antolatzaileek «trantsizio ekosozialak inoiz baino premia handiagoa» duela adierazi dute, «datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada».

200 pertsona baino gehiago izan dira Arrasaten egindako Ekotopaketeetan.
200 pertsona baino gehiago izan dira Arrasaten egindako Ekotopaketeetan. (JAUZI EKOSOZIALA)

200 pertsona baino gehiago bildu dira asteburuan Arrasaten Jauzi Ekosozialak antolatutako Euskal Herriko II. Ekotopaketeetan parte hartzeko. Antolatzaileek jardunaldia «oso positiboki» baloratzeaz
gain, trantsizio ekosozialak «inoiz baino premia handiagoa» duela adierazi dute, «datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada».

Ohar batean azadu dutenez, «argi geratu da larrialdi ekosozialaren eta ekologismoaren gaineko ezinegonak baduela bere lekua Euskal Herrian», eta pozik agertu dira emaitzaren aurrean, «premiazko eztabaidak gizarteratzeko eta beste esperientzia batzuetatik ikasteko oso baliagarria izan baita: hemengoez gain, Mallorcako, Kataluniako, Andaluziako eta Frantziar Estatuko ekarpenak entzun dira». «Bereziki» baloratu dute «Iparraldeko kideek ekologismoan duten ibilbidetik ikasteko aukera ere izan dela».

Hasteko, mahai-inguru eskaintza oparoa egon zen. Hizlarien esperientzia eta jakintza-arlo anitzak baliaturik, hitzartze andana entzun ahal izan zen ostiral arratsaldetik larunbat arratsaldera. Ostiralean, hain zuzen, elikadura burujabetzaren gaiari heldu zitzaion ikuspegi ekofeminista batetik; aldi berean, gazteek hitza hartu zuten Irati topalekuan: besteak beste, pandemia aurretik mundu-mailan hasiriko Fridays For Future mugimenduak gurean zer ibilbide izan duen entzun ahal izan zen, baita Arranek eta Jauzik zer proposamen ekosozialista eskaintzen duten ere.

Baina larunbata izan zen «egun handia», eta jende aldetik «arrakastatsuena»: goizean Euskal Herriko industriarekin zer egin eztabaidatu zen, langile klaseak gidatua izan dadin aldaketa, eta hor energiaren gaiari ere heldu zitzaion; paraleloki, beste mahai-inguru batean, garraio-sektoreak −sektorerik kutsatzaileenak−, planteatzen dituen problematikaz luze-zabal aritu ziren; eguerdian, turismoa «herritarren lepora» bizi dela entzun ahal izan zen, eta ez alderantziz, turistifikazioaren ondorio ekosozialetan zentratutako solasaldian. Horri guztiari heltzeko estrategia bateratuaren inguruko hausnarketak itxi zuen eguna.

Hausnarketara bideratutako jarduerez gain, aisialdirako ere lekua izan zen: ostirala bertsoafari batekin bukatu zuten eguna eta, larunbateko lehen orduan, Arrasaten eraikuntzari lotuta egon diren proiektu suntsitzaileak ezagutzeko txango bat egin zen, gauean Mikosis eta Ezezez! taldeen kontzertuekin bukatzeko gaztetxean. Ereindajan Arrasate kontsumo elkarteak bazkariak eta afariak egiteko erabilitako produktuak hornitu zituen. Azkenik, igande goizean, Jauzi Ekosozialak batzar ireki bat egin zuen asteburua baloratzeko eta etorkizun hurbilerako ibilbide-orri bat irudikatzeko.

Jauziko kideek azpimarratu dute indartsu daudela t«rantsizio ekosozialerako bidea eraikitzen jarraitzeko». Izan ere, «II. Ekotopaketa hauek balio izan dute garaiko erronkak behar duen mugimendu ekologista berria indartzen jarraitzeko eta eragile sortu berriaren hurrengo urratsak margozteko».