
«Antiinperialista, antimilitarista, feminista eta euskalduna» izango da EH Bilduk Iruñean ospatuko duen Aberri Eguna ‘Askatasunaren nazioa gara’ lelopean, astearte honetan Nafarroako hiriburuan Xabier Ruiz de Larramendi Gasteizko zinegotziak eta Irati Jimenez Nafarroako parlamentariak, hautetsi talde batek lagundurik, jakitera eman dutenez.
Adierazi dutenez, ezkerreko milaka abertzale eta subiranista elkartuko dira Iruñean hilaren 20an «Aberri Eguna ospatzeko eta libre bizi nahi duen nazio bat garela aldarrikatzeko».
Aurtengo Aberri Eguna «egoera politiko berezian ospatuko da, nazioarte mailako egoera nahaspilatsuak baldintzatuta. Gero eta gehiago direnean eskalada militarraz edo gerraz hitz egiten dutenak, Aberri Egunean Euskal Herria sustrai bakezale sakonak dituen nazioa dela eta edozein gatazka politiko konpontzeko elkarrizketaren eta bide diplomatikoen aldeko apustu garbia egiten duela aldarrikatuko dugu».
Aldarrikapen eta festa giroa
Golem zinemetatik manifestazioa abiatuko da 12.00etan eta ondoren ekitaldi politikoa egingo dute. Mobilizazio eguna izango da Aberri Eguna, baina EH Bilduk festarako tartea ere prestatu du. 13.15etik eta Basotxotik abiatuta, trikitilariekin, gaitari eta erraldoiekin, Kuxkutu txarangarekin eta munduko dantzekin kaleko animazioa izango da. Era berean, Malatxo txaranga Jarauta kalera joango da Gazte Egunera laguntzeko.
Gazteluko plaza izango da jaiaren epizentroa. 16.00etatik aurrera Izaki Gardenak, Belako eta Trikidantz taldeen kontzertua izango baita. Etxeko txikienek, bestalde, Burgoen plazan izango dute gunea, haurrentzako jolasak eta ‘Ai, Zapotxin! Baratxuri zoparen sekretua’ kale antzerkiarekin.
«Beste behin jaia eta aldarrikapena uztartuko ditugu Aberri Egun honetan. 2025 honetan 50 urte beteko dira Txiki eta Otaegi hil zirenetik. 2025 honetan, euskal ezker eta subiranistok argi eta garbi esango dugu Iruñean nazio bat garela, Euskal Herriak munduko elite handiek proposatzen digutenaren ordezko bide bat eraikitzen jarraitu nahi dugula: antiinperialista, antimilitarista, feminista eta euskalduna. 2025eko Aberri Egunak askatasunaren herria garela aldarrikatzeko balioko du», nabarmendu dute.

«No se necesita la propiedad de una casa para vivir; lo importante es vivir, no poseer»

«Trump parece buscar el regreso a un esquema puramente colonial del comercio»

Portazo de Burgos al sentir de Trebiñu: «Es tan burgalés como el resto de la provincia»

«El premio es para la familia de José Miguel, nosotros solo mostramos lo que ha hecho»
