NAIZ

Jauzi berri bat emateko bidean, NAIZ Gunea egongo da Gazteon Eskutik topagunean

Gazteon Eskutik topagunea hartuko du Berriozarrek apirilaren 17tik 20ra, gazte independentisten bulkada piztuko duena. Bertan, NAIZ Gunea egongo da; harpidedunek Bonoak eta eguneko sarrerak %20ko deskontuarekin erosteko aukera dute Harpidedunen Txokoan.

Gazteon Eskutik ekimenak, Ernaik sustatuak, bere bigarren edizioa izango du aurtengoa eta gazte independentisten topaguneen 31. edizioa bilakatuko da Berriozarrek, apirilaren 17tik 20ra bitartean, hartuko duena. Musika eta aldarria lotu dituzte egitarauan, eta hitzaldiei «garrantzi berezia» eman diete. Gazteon Eskutik «indar guzti horren bilgune» izango dela azpimarratu dute antolakuntzatik: «Inoiz baino premia handiagoa duen testuinguru honetan jauzi berri bat emateko abagunea izan nahi du». 

NAIZek, bere sorreratik, konpromiso berezia erakutsi du gazte independentisten topaguneekin, bai eta ‘Egin’ eta GARAk ere, bertan ale bereziak banatuz. 2019tik aurrera, NAIZ Guneak ere protagonismo berezia izan du edizio ezberdinetan. Lemoan zein Elorrion eremu propio bat izan zuen eta modu berean izango du Berriozarren ere. Ostiral honetan, NAIZ eta Gazteon Eskutik ekimenaren arteko hitzarmenaren aurkezpena egin dute .

«Euskal Herriaren askapena xede nagusi, gazteak dira iparrorratza, historia kontatu eta egingo dutenak, hauen bulkadak loratuko duelako independentzia, eta NAIZ bertan egotea funtsezkoa deritzogu, kazetaritza zorrotz eta kritikoak bertan ere presentzia edukitzea, alegia, bai jarraipen berezia eginez baina baita eremu propio bat izan da ere», esan du Ane Urkirik, NAIZeko zuzendariak.

Gazteon Eskutik ekimenarekin elkarlanean, alde batetik, harpidedunek Bonuak eta eguneko sarrerak %20ko deskontuarekin erosteko aukera dute Harpidedunen Txokoan eta bestetik, programazio propio bat osatu da NAIZ Gunean, Euskal Herria plazan kokatua egongo dena.

NAIZ Musikaren emankizuna izango da iratzargailu ostiral eta larunbatean, goizeko 10.00etatik 12.00ak bitarte. Hala ere, gunean egongo den lehendabiziko hitzaldia ostegunean izango da (16.00etan), ‘Gurpilak pizpirrien lorontzi: sormenez espetxeak hautsi’.

Ostiral zein larunbatean egun osoko egitarau zabala egongo da, mahai-inguru zein jai giroko ekitaldiekin. Nabarmentzekoa, ostiralean, 12.00etan, ‘Jauzi bat independentziara’ hitzaldia, Iñaki Soto GARAko zuzendaria moderatzaile lanetan egongo delarik.

‘Gure garaia da’ podkastaren grabaketa, Eguzki txarangaren kontzertua eta Drag Showak osatuko dute ostiraleko egitaraua. Larunbatean, NAIZ Musikaren saio berri baten ostean, Garagardo dastaketa, Vermouth internacionalista, bertso saio musikatua eta elektrotxaragak girotuko dute gunea.

NAIZ Gunean bestelako zerbitzuak ere eskainiko dira. Adibidez, mugikorrak kargatzeko espazio bat egongo da, NAIZen gazte harpidetzak doan aktibatzeko aukera izango da, sari eskaintza egongo da, gosariak banatuko dira eta pintxoak ere egongo dira eskuragarri eta komunak zein botikina ere bai.

Zortzi gunetan banatuta

Orotara, zortzi gunetan banatuko da Gazteon Eskutik ekimenaren egitarau zabala: NAIZ Gunea, Eguzki Plaza, Kultur Etxea, Kulturgune zaharra, Musika Eskola, Gazte Gunea, Gaztetxea eta Frontoia. Egitarau osoa, gunez gune, ikusteko aukera albiste honen ezkerraldean dagoen dokumentuan edo Ernairen webgunean.

Apirilaren 17an, ostegunean, irekiko ditu ateak, 13.00etatik aurrera –harrera ekitaldia egongo da– eta 19.00etan egingo du Ernaik lehen ekitaldi politikoa, frontoian. Ekitaldi nagusia, bestalde, larunbatean egingo dute (19.00etan), ‘Bat eginez independentziara’ lelopean, gune handian.

Otsailean egin zuten edizio berri honen aurkezpen ofiziala eta bertan ohartarazi zutenez, hitzaldi eredu «klasiko» eta «masterclass ereduaz» harago, bestelako formatuak proposatuko dituzte: hitzaldi musikatuak, dokumentalen proiekzioak, tailer parte-hartzaileak…

Musika eskaintzari dagokionez, Biznaga, Olatz Salvador, Naxker, La blackie, Sukena, Euskoprincess, Nøgen, Brava, Skabidean, Marte Lasarte, Burutik, Sustrai Berriak, Toc, Herdoil, XSakara edota Zilibito Records taldeak bertan izango direla baieztatu dute.

Aberri Egunera joateko deia

Auzolana oinarri, gazteriaren indar erakustaldi handi bihurtu ohi dira hitzordu politiko hauek eta aurten Berriozar izango da horren testigu. Gainera, igandean, hilak 20, EH Bilduk deituta Iruñean ospatuko den Aberri Egunera bertaratzeko deia egin dute antolakuntzatik. Modu honetan, jakinarazi dute, akanpaleku zein furgo eta autokarabanentzako guneak astelehenera arte erabili ahalko direla; modu honetan, gazte topagunera doazen eta Iruñeko Aberri Egunera doazenen arteko topaleku bilakatuko da, indar erakustaldia are gehiago hauspotuz.