
Ohiko kodeetatik aldendu eta zerbait ezberdina, berritzailea egian, egiteko gorputzalditik ekin zion Miren Agur Meabek ‘Amorante frantsesa’ (Susa) bilakatu den proiektuari. Asmoa, idazle lekeitiarraren hitzetan, «euskaraz landu gabeko eremu literario bat esploratzea» izan da, irakurketa erritmoak hautsiko zituen proposamen berria eskaintzea eta baita «misterioa, gogoeta eta sentsorialtasuna» batuko zituen idazki bat osatzea ere. Aurrejuzkurik gabe irakurtzera ausartzen diren horiei eskainia.
Arkitekturarengatik interesetik, beraz, abiatutako proiektua da ‘Amorante frantsesa’. Eleberri bat da, bai, baina ez ohiko eleberria: olerkiz olerki osatutako kontakizuna topatuko du orrialdeetan irakurleak, 147 poema orotara, zazpi ataletan eta epilogo batean banatuta.
«Nobela bat da poema sorta batez osatua», laburbildu du Meabek berak liburuaren aurkezpenean. Kontakizunak hala eskatuta, poema gehienak narratibo-deskriptiboak direla azaldu du autoreak, finean irakurlearen aurrean istorio bat jartzea baita helburua, eta komedia eta dramaren alorreko aleak topa daitezkeela zehaztu du. Poemaz poema, kontakizunaren segida aurkezten du Meabek eta, olerki bakoitzak kapitulu baten funtzioa betetzen badu ere, zenbaitetan eszena edo gertaera bat zehazteko bat baino gehiago behar izan dituela kontatu du.
Baita elipsiek jokatzen duten papera nabarmendu ere: «Elipsiak dira, paradoxikoki, narrazioari eusten dioten aldamio nagusiak», ziurtatu du, eta poemek «forman duten lotura edo paralelismo horiek ere» kontakizuenan barneratzen laguntzen dutela esan du.
Poemaz poema, Agurtzane erdigunean duen istorioa ezagutuko du irakurleak. Bilboko DBHko institutu bateko atezaina da Agurtzane, bizilekua basoan, familiarena den lursail batean, duen 60 urteko emakumea. Egun batean, hilik agertuko da institutuko ikasle bat, biolentzia eta sexu abusu zantzuak dituela, eta Agurtzane «asmorik gabe hasiko da gertaerak ikertzen».
Protagonistaz, «nortasun gogorreko» emakumea dela esan du Meabek, «ez dena gustura sentitzen adeitasunarekin baina adeitsua dena, lotsagabea agertzen den arren bihotz onekoa», eta irakurleak bere «kontraesanak hasieratik» antzemango dituela aurreratu du. Pertsonaiak bakardadearen gaineko ikuspegia ematen duela gaineratu du, «60 urterekin zergatik ematen dion balioa bizi den tokian eta bizi den bezala bizitzeari», eta zehaztu du pertsonaiaren unibertso laukoitz horretan –etxea, basoa, institutua eta hiria dira bere lau bizi espazioak– topatzen dituen gainerako pertsonaiek ontzen dutela eleberria: gaixotasun metala duen Amaia ahizpa, Maurizia kaleko txakurra, Eva eta Roberto institutuko ikasleen gurasoak, ikasleak, «auzotar problematiko bat» eta Victor, plataforma batean ezagutuko duen frantsesa. «Honek ematen dio izenburua, sekundario xamarra da baina inflexioa markatuko du Agurtzarenen bizitzan», aurreratu du.
Erreferentziez edo «literatur itzalez» ere jardun da idazle lekeitiarra. Dorothy Porter idazle australiarraren ‘The Monkey's Mask’, batetik –«berak eman zidan oinarria»–, eta batez ere Diane Wakoski poeta kaliforniarra, «zeharlerro estetiko eta emozional sotila, baina guztiz funtsezkoa kontaeran». Hainbeste non atal guztiak zabaltzen diren bere aipu batekin. «Nik haren poesiarekin konektatzen nuen bezala konektatzen du Agurtzanek, nire bizitzarekiko intertestualitate bat sumatzen nuen bezala, Agurtzanek ere hari batzuk topatuko ditu Wakoskiren poesian, esanguratsuak ikerketan aurrera egiteko», jakinarazi du.
Eta, azkenik, autore bezala idazketa prozesuak eman dionaz jardun da. Batetik, «ezagutza zahar bat» berretsi duela aipatu du: «Formatua dena delakoa dela ere, edukiak eta formak plano berean egon behar dute». Eta bestetik, ondorio berri bat atera duela: «Poesia pantomima ondradu bat izan daiteke: orain arte beste helburu batekin idatzi izan dudalako nik poesia, ez hainbeste narratzeko edo dibertitzeko edo entretenitzeko, baizik eta introspekzioa egiteko».

Los trabajadores de Guardian aceptan las indemnizaciones y la empresa cerrará este abril

Las lesiones de Zabarte apuntan a un pelotazo de foam aunque la Ertzaintza lo niega

«Comandos Anticapitalistas de ETA», ¿ignorancia o errata intencionada de la consejera?

Agur desde este viernes a las curvas del pantano de Esa para ir al Pirineo aragonés
