
Alberto Plazaola oñatiarrak ez du espetxera itzuli beharko, oso berandu bada ere «zigor bikoitzaren» tranpa indargabetuta gelditu delako. Auzitegi Nazionalak onartu duenez, lehen Estatu frantsesean betetako espetxealdia kontuan hartu behar diote eta espainiarrean ezarritakotik kendu, eta honekin zigorra guztiz amaituta du.
Lege erreformaren aplikazioaren onura jasotzen duen bigarren euskal presoa da Plazaola. Duela hilabete bat Balbino Saenz Olarra izan zen zigorra bukatuta zuela jakinarazi zioten lehena. Ordurako, behar baino bi urte gehiago espetxean eginak zituen Saenzek.
Plazaolaren kasuan, kontuan hartu behar da bere garaian jada kaleratu egin zuela Auzitegi Nazionalak (2014. urtean), 24 urte preso zeramatzanean, Estatu frantsesean egindako espetxe urteak ontzat hartuz, Santi Arrozpiderekin batera.
Hortik gutxira, ordea, atzera egin zuen espainiar auzitegi bereziak eta berriro espetxeratzen ahalegindu zen. Ipar Euskal Herrian bizi izan da, geroztik, Alberto Plazaola, mehatxu horri aurre eginez. GARAri 2015ean emandako elkarrizketan nabarmendu zuenez, «oso babestua eta oso maitatua sentitu naiz eta horrek asko lagundu nau. Ezagutzen ez ninduten hainbat pertsona ere hor izan ditut, alboan».
Orain, hamarkada luze bat pasata, Auzitegi Nazionalak onartu du 2014an egindako likidazio hura egokia zela. Zehatzago, espetxealdia 2013ko abuztuaren 24an agortu zitzaion Plazaolari, eta ondoren inolako trabarik ez zioten jarri behar, baina atxilotze agindua orain arte indarrean izan dute. Ia hamabi urte gehiago eta lege erreforma igaro behar izan dira, beraz, bidezkoa zena epai bidez onartua izan dadin.
52 preso guztira
Lege erreformari espainiar Gorteetan bide eman ziotenean Sarek jakitera eman zuenez, epe motzera zazpi preso aske geratu beharko lirateke, jada zigorra osorik beteta dutelako. Hilabete batzuk pasata, oso motel ari direla garatzen egiaztatzen ari da.
Zazpi horietaz gain, bere espetxe egoera hobetu lezaketen presoak 52 dira guztira, konputo berriaren bitartez espetxealdia aurreratua dutelako, eta ondorioz hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna legokie. Azken honi buruz Lakuako Administrazioari dei egin dio Sarek, beharrezko erabakiak har ditzan.

La devastación de Gernika por el bombardeo fascista de 1937, en las filmaciones de la UCLA

Aritz Otxandiano denuncia un ataque contra su vivienda: «Se han sobrepasado todos los límites»

Gogora quiere meter a ETA también en el Memorial 3 de Marzo de Gasteiz

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales
