Ernaik Berriozarko kaleak hartuko ditu apirilaren 17an «kriminalizazio» saiakerei erantzuteko
Auzitegi Nazional espainolak erabaki du gertutik jarraitzea ostegunean Ernaik Berriozarren antolatutako ekitaldia, ‘Askatasunaren bila preso politiko izana’. Gazte independentistek salatu dute jazarpena eta kaleak hartuko dituzte «kriminalizazio» saiakerei erantzuteko .
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Adierazpen askatasunaren eta presoen eskubideen aldarrikapenaren kontrako «kriminalizazioa» salatzeko manifestazio nazionala deitu du Ernaik hilaren 17rako 18.00etan Berriozarko Nafarroako Emaileen plazatik abiatuta. NAIZ Irratian aurreratu dute berri hau Ernaiko kideek, topagunea hartuko duen herrian bertan agerraldia egin aurretik.
Ernaiko eledun Amaiur Egurrolak Eguzki plazan egindako agerraldian azaldu duenez, Berriozarren ‘Gazteon eskutik independentziara’ lemapean gazte topagunea antolatu dute hilaren 17tik 19ra. Lehen egun horretan, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna ospatzen delarik, hitzaldi bat eta ekitaldi politikoa antolatuta zituzten, Euskal Herriko, Irlanda eta Kurdistango preso ohien parte hartzearekin.
Nabarmendu duenez, errealitate hauek ezagutarazteaz gain presoen auzia konpontzeak gatazken konponbidean duen garrantzia azaldu nahi zuten. Hau oinarrizko eskubidea dela azpimarratu du Egurrolak.
Eskuin politiko eta mediatikoaren erasoa
Ekitaldi hau iragarri eta berehala eskuin politiko eta mediatikotik Ernairen kontrako erasoa abiatu zen. Hasiera batean, sare sozialetik ekitaldia kriminalizatzen hasi ziren. Gero, Nafarroako Parlamentuan eta Berriozarko Udalean ekitaldiaren kontrako mozioak aurkeztu zituzten. Eta azkenik, salaketa egin zuten Auzitegi Nazional espainolean. UPN izan zen zehazki ekitaldia epaitegi berezian salatu zuena.
Salaketa horren ondorioz, Auzitegi Nazionalak agindua bidali zion Berriozarko Udalari ekitaldiaren espedientea eskatuz. Honekin batera, ekitaldia zelatatzeko agindu zien Polizia espainolari eta Guardia Zibilari. Agindu hori betetzeko gogoa dagoela agerian geratu da ostiral honetan bertan, Ernairen agerraldia kontrolatzen Guardia Zibilaren dotazio bat egon delako. Sostengua emateko helburuarekin, berriz, Pernando Barrena EH Bilduren europarlamentaria hurbildu da Eguzki plazara.
«Eskandalutzat» eta «onartezintzat» jo du Egurrolak gertatutakoa. «Berriozar guardia zibilez eta Espainiako polizia nazionalez bete nahi dute. Gazteok isilarazi nahi gaituzte eta Auzitegi Nazionalean salaketa sartu eta epaiketara eraman nahi gaituzte. Erabat zilegi den aldarrikapena eta Ernai kriminalizatzen saiatu dira», salatu du.
«Ez dugu antolakuntzaren eta Ernaiko hainbat kideren segurtasuna bermatuta ikusten ekitaldia aurrera eramateko», gaineratu du, kriminalizazio saiakera hau Ernaik ezkerreko independentismoaren alde eta presoen etxeratzearen alde egiten duen lana oztopatu nahi dutela gaineratuz.
«Ez duzue euskal gazteria isilaraziko»
«Argi entzun ezazue: ez duzue lortuko, ez duzue euskal gazteriaren ahotsa isilaraztea lortuko. Eta ez duzue lortuko Topagunearen indarra ezabatzea. Erasoen aurrean aurrerapausoa emango dugu», aldarrikatu du Egurrolak.
Halaber, argi utzi du NAIZ Irratian gazte independentistak gogotsu ari direla lanean topagunean aurrera eramateko. Antolatutako ekitaldiei buruz, azpimarratu du ostiralean izango den hitzaldia, ‘Jauzi bat independentziara’ leloa duena. Iñaki Soto GARAko zuzendariak elkarrizketatuko ditu Amaiur Egurrola eta Markel Rio. «Testu inguruaz, Ernairen egoeraz eta aurrera begira ditugun erronkez hitz egingo dugu, eta espero dugu baliagarria izatea bertaratuko direnentzat».