
Nazioarte mailako punta-puntako musikoa da Gorka Hermosa (Urretxu, 1976) konpositore eta soinujolea. «Ostiral honetan orkestra eta abesbatzarako idatzia dagoen nire ‘Hope’ konposizioa estreinatuko dut Berliner Philharmonie mitikoan: Hirugarren urtea izango da bertan... Amets bat... ber hiru!», idatzi du helarazi digun mezuan.
«Musikari batentzat gauza gutxi dago Berlingo Filarmonien obra bat estreinatzea baino handiagoa», aitortu du. Beraz, hirugarren urtez jarraian egitea Gorka Hermosaren egungo ibilbidearen merezimenduaren adibidea da.
Errusia eta Ukrainia
Musika klasikoarentzat Berliner Philarmonie areto mitikoan ariko da apirilak 4 honetan Miran Vaupotic kroaziarrak zuzendutako Pantonale Kammerorchester-eko bakarlari gisa. Saio honetan bere azken konposizioa estreinatuko du, ‘Hope’ izenekoa, akordeoi, abesbatza eta orkestrarako.

Hermosaren konposizio berrian zehar, ukrainar kantu tradizional bat eta errusiar melodia herrikoi bat modu ezberdinetan erlazionatuko dira (borroka, maitasuna, gorrotoa, gerra, itxaropena, meditazioa, infernua...). Jatorrizko hitzekin abestu ordez, Beethovenek bere 9. sinfonian erabili zituen Schiller poeta alemaniarraren hitzekin egingo du.
Apurka-apurka eta oso era sotilean, 9. sinfoniaren ereserkiaren doinua agertuko da, obraren erdigunean bere distira gorenera iritsiko dena, historian zehar hain lotura estua izan duten Errusia eta Ukraina bezalako bi herrien arteko anaitasunaren sinbolo gisa.
«Pantonale Kammerorchester-eko eta interpretatuko duten abesbatzako kide asko guraso errusiarrak dituzten ukrainarrak dira edo aita ukrainarra eta ama errusiarra dituzten errusiarrak... edo beste hainbeste identitate fusionatu dituztenak: hain normalak bizitza errealean eta politikoak zatitzen eta bereizten saiatzen direna», aipatu du euskal musikoak.
‘Peace Dream’
‘Hope’, Berlinen arrakasta handiz iaz estreinatu zen Hermosaren ‘Peace Dream Concerto’-ren ostean interpretatuko da. Azken hau hiru mugimendutan banatuta dago: «Lehenak gerra erakusten du, bigarrena giza indarkeriaren irrazionaltasunari buruzko gogoeta bat da eta, infernala, kaotikoa eta birtuosoa den azkeneko mugimenduan, errezitatzailearen ahotsak Bibliako pasarteak errezitatzen ditu, hala nola ‘ez duzu erahilko’, ‘jarri ezazu beste masaila’, ‘egin on gorroto zaituztenei’, ‘barkatu ta barkatua izango zara’...», aipatzen du urretxuarrak.
Azken bederatzi urteetan, mundu osoko 60 orkestra baino gehiagok (AEB, Txina, Korea, Brasil, Turkia eta Europako orkestrak, hala nola Berliner Symphoniker Strings) Gorka Hermosaren orkestra-konposizio sinfonikoak interpretatu dituzte eta Silvio Rodriguez bezain unibertsalak diren abeslariek ere bere kantak abestu dituzte.
2013an CIA-IMC Unesco Konposizio Saria jaso zuen, ondorengo sei urteetan lau aldiz irabazi zuen Munduko Akordeoilarien Elkarteak (CMA) ematen duen urteko akordeoi-konposizio onenaren saria. Azken erakunde honek Gorka Hermosa lehiaketa antolatu zuen 2022an Tianjinen (Txinan), non mundu osoko akordeoilariek urretxuarraren konposizioak interpretatzen dituzten.
2020an Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo enbaxadore izendatu zuten, 2019an Nikosian (Italian) bere omenez Accademia di Música Hermosa sortu zen eta 2019an New Yorkeko ‘Accordion Stars’ aldizkariak, munduko 126 herrialdetako 27.000 lagunek parte hartu zuten makro-inkesta batean, munduko hamar akordeoilari maitatuenen artean aukeratu zuen.

«Es un honor que nos comparen con Banda Bassotti, son únicos»

Iraganak eta orainak bat egin dute ZEID Fest Gaztean

«La sensación de abandono es grande, todavía ni siquiera hay un protocolo»

Unas 450 mujeres mueren en embarazos o partos en Europa al año, un 62 % menos que en el 2000
