Errotatiba bat: ”Euzkadi” & “El Correo Español”

El Correo” egunkariak 90. urteurrena ospatu zuen 2000n, 100 urte betetzen ari zirela esan zuten 2010 urte osoan zehar, 110 urte zelebratu zituzten 2020an. Arraroa, “El Correo Español”-en benetako lehenengo zenbakia 1937ko uztailaren 6an argitaratu zelako.
Bitxia da moral politikoaren kudeaketa egin nahi duen kazeta hain gezurteroa izatea («gezurtero: bere urtebetetzea faltsutzen duena», Markos Gimenok esan zuenez), edo memoria hain ahula izatea.

LEHENENGO ZENBAKIA
“El Correo Español” kazetaren lehenengo zenbakia 1937ko uztailaren 6an argitaratu zen Bilbon. Falangistak “Euzkadi” egunkariaren errotatibaz jabetu eta egun gutxitara hasi ziren argitaratzen bertan “El Correo Español”. Eusebio Zuloaga izan zen lehenengo zuzendaria. Aurreneko numero horren azalean bertan, Generalisimoaren dekretu garrantzitsua anuntziatzen da. Francisco Francok erreketeen eta falangisten bateratzea agindu du: Falange Española Tradicionalista y de las Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista deituko da erakunde berria. Dekretua ez da berria (apirilean hartu zen erabakia), baina bai aproposa kazetaren portadarako, erakunde berriaren bozeramailea delako.
Portadan bertan saludo nazionalaren derrigorra ere esplikatzen da:
«Se establece como saludo nacional el constituido por el brazo en alto, con la mano abierta y extendida y formando con la vertical del cuerpo un ángulo de 45 grados».
«¡Arriba España!”, “¡Viva España!» esan behar da behin eta berriro. Boltxebismoaren kontra eta, bereziki, separatismoaren kontra, tradizio espainola defendatu behar da: «tradición española, que no representaba carácter alguno local y regional, sino, al contrario, universalista, hispánico, e imperial».
Beste berririk lehenengo zenbaki horretan? Bilbon, Espainiaren Batasunaren alde eroritakoei omenaldi jendetsua egin zaie bezperan. Asturias eta Leon aldean dena da garaipena nazionalentzat. Portugalen, Antonio de Oliveira Salazar diktadoreak bizirik dirau atentatuaren ondoren. Bertora itzulita, Gipuzkoa eta Bizkaia probintzia traidoreei Kontzertu Ekonomikoa kendu zaie.
Biharamuneko zenbakian tonu berari eusten zaio. Esteban Calle Iturrinoren poemak. Frantziako Tourrean Erich Bautz alemana doa lehenengo jeneralean. Bitxia da “Impresión antiestética del separatismo” artikulua, euskaldunen abertzaletasuna antiestetikoa iruditzen baitzaio autoreari, desagradablea eta antipatikoa izateaz gainera.
Uztailaren 9ko zenbakian, Jose Maria Areilza falangista eta alkate berriak bezperan egindako diskurtsoa azaltzen da:
«Que quede bien claro: BILBAO, CONQUISTADO POR LAS ARMAS. Nada de pactos y agradecimientos póstumos. Ley de guerra, dura, viril, inexorable. Ha habido, ¡vaya si ha habido!, vencedores y vencidos. Ha triunfado la España una grande y libre…».
Galtzaile, Areilzaren esanean, “Euzkadi”, sozialismo prietistaren eta bizkaitarrismo ergelaren ondorioa zen amestxar oker izugarria.
GOSS INTERNATIONAL PINTING PRESSES
William Randolph Hearst kazetari eta politikari estatubatuarrak Ramon de la Sota ontzijabeari oparitutako errotatiba izan zen Goss International Printing Presses. Neguriko aberatsak eskuindarrak eta ultraespainolak ziren garai hartan, bi izan ezik: Horacio Echevarrieta errepublikanoa eta Ramon de la Sota abertzalea. Sotak Euzko Alderdi Jeltzalearen eskuetan ipini zuen Hearst Ameriketako prentsaren magnateak (hari buruz egin zuen Orson Wellsek “Citizen Kane”) emandako errotatiba, bertan argitara zedin “Euzkadi” egunkaria.
Errotatiba zilindro birakarizko inprimagailua zen. Prentsaren mugimendu birakari horri esker, bestelako inprimagailuek baino askoz azkarrago inprimatzen zuen. Errotatibak egunkari modernoak inprimatzeko erabiltzen ziren bereziki. “Euzkadi” egunkaria argitaratzeko erabiliko zena 1913an fabrikatu zen Chicagon. Lehen Mundu Gerra medio heldu zen errotatiba hori Bilbora.
Gerra Handiak bete-betean harrapatu zuen Ipar Euskal Herria, milaka herritar joan behar izan ziren Verdunera. Hegoaldean, Espainia neutral geratu zenez gero, ez zuen hainbesteko eraginik izan. Baina salbuespenak izan ziren, bazirelako germanofiloak eta aliadofiloak eta bazirelako negozioak. Sota enpresariarentzat urrezko momentua izan zen gerra, aliatuek armak, metalak, ikatza eta beste gauza asko behar zituztelako. Ez arazorik gabe, Naviera Sota y Aznar konpainiak makina bat ontzi galdu zuen urpeko ontzi alemanen erasoengatik. Baina, gerrari esker, Sotak kapital ekonomiko zein politiko itzela metatu zuen. Gerran aliatuei emandako laguntzaren ordain moduan jaso zuen Sotak errotatiba. Makina, AEBtik Frantziarako bidea barkuan eginda, Marseillako portutik iritsi zen Bilbora.

“Euzkadi” egunkaria 1913ko otsailaren 1ean sortu zen. Engrazio Aranzadi zen buru intelektuala, eta Ramon Sota eta Victorina Larrinaga finantza babesak. Erredaktore nagusiak: Alfredo Echave erdaraz eta Ebaristo Bustintza euskaraz. Alderdia banatu zenean 1921ean, Euzkadi Comunión-en kazeta bihurtu zen, “Aberri” besteena zen.
Errotatiba moderno harekin “Euzkadi” orduko egunkaririk irakurriena bihurtu zen denbora gutxian. 1927ko salmenta zenbakiak hauek dira: “Euzkadi”, 37.500 ale; “El Liberal”, 30.000 ale; “La Gaceta del Norte”, 11.000; “El Pueblo Vasco”, 8.014…
1936ko udan, Estatu kolpe militarra gertatu zenean, “Euzkadi”-ren azpiegitura beste kazeta batzuek ere erabiliko zuten. 1937ko urtarriletik ekainera “Eguna” egunkaria argitaratu zen bertan, euskara hutsez. Abertzaleez gainera, CNTk eta beste alderdi batzuek ere erabili zuten errotatiba hori, harik eta Bilbo nazionalek konkistatu arte.
«EL CORREO ESPAÑOL-EL PUEBLO VASCO»
Gudariak Bibotik erretiradan, Eusko Jaurlaritzak Bilboko industria eta azpiegitura ez suntsitzea erabaki zuen. Tropa frankistak hiria okupatutakoan, falangistek errotatiba osorik aurkitu zuten, eta pare bat astetan argitaratzen hasi ziren “El Correo Español”.
1937ko uztailaren 6an berrargitaratu zen “El Pueblo Vasco” ere. Francisco Francok “El Correo Español”-en integratzera behartu zituen, eta hala sortu zen 1938ko apirilaren 13an, “El Correo Español-El Pueblo Vasco”. “El Pueblo Vasco” egunkaria, urteurrenaren iruzurraren estakurua denez, esan behar da 1910eko maiatzaren 1ean fundatu zutela Gabriel eta Emilio Ybarra anaiek, Antonio Mauraren Partido Conservador berria sostengatzeko Bizkaian. Burges, espainol, kristau, monarkiko alfonsinoak ziren ideologiaz. Rafael Picaveak izen bereko kazeta zeukan Donostian, eta harekin lotu ziren. Bilbon, “La Gaceta del Norte” zuten konpetentzia, berdin burges, espainol, kristau, monarkikoa. Hau Urquijo Ybarra familiarena zen, Ybarra eta Urquijo lehengusuak ziren (endogamikoak izaten dira oligarkak). “El Pueblo Vasco”-k Miguel Primo de Riveraren diktadura babestu zuen, eta 1936ko uztailean ere Estatu kolpe militarraren alde jarri zen.
“El Correo Español-El Pueblo Vasco” (azpititulua berdin, “Diario de Falange Española Tradicionalista y de las JONS”), 1938ko uztailetik aurrera ere Falangek kontrolatzen zuen; Santiago Nadal zen zuzendaria. 1939an, Joaquin Zuazagoitia izendatu zuten buru (ez konfunditu Julian Zugazagoitiarekin) eta haren kazeta 1939tik 1950era arte. Zuazagoitia hau Bilboko alkate ere izan zen hamazazpi urtez, 1942-1959 bitartean (Gorteetan prokuradore eta Consejo del Reinoko partaide ere izan zen, bidez batez esanda). Neguriko oligarkia jabetu zen, diktaduraren babesarekin, kargu politiko eta hedabide guztiez.
1945ean, falta ziren prentsa handikiak batu ziren soziedadera: Echevarria eta Bergareche, Bilbao Editorial S.A. enpresa osatzeko. Presidente, Javier Ybarra; presidenteorde, Luis Bergareche; eta gerente, Alejandro Echevarría. Azken hau, “El Noticiero Bilbaino” egunkariaren oinordekoa. 1947an “El Diario Vasco” gipuzkoarra erosi zuten. 1955ean “El Correo Español-El Pueblo Vasco”-k Vuelta Ciclista a España antolatu zuten. 1956an Madrileko “Informaciones” egunkariaren parte handi bat erosi zuten. 1965ean, ja errotatiba berriarekin, “izara” formatoa utzi eta tabloidera pasatu ziren.
Frankismoaren azkenaldiko umeak Don Celesi begira geratzen ginen.
IZEN BATZUK ALDATU, BERDIN JARRAITZEKO
1976an “La Gaceta del Norte”-k baino irakurle gehiago lortu zuen (81.000). Laster beste hori desagertu eta “El Correo” erabat nagusitu zen. 1982an Malagako “Sur” egunkaria erosi zuten, 1984an “El Diario Montañés”, eta hala Espainiako beste hedabide enpresa pila bat, harik eta 2001ean, Grupo Correo-Prensa Española taldea zabalduz, oligopolio enpresarialaren bidetik, gaur egungo Vocento erraldoia sortu arte.
Giuseppe Tomasi de Lampedusa-ren “Il Gattopardo” eleberriko eta Luchino Visconti-ren pelikulako esaeren artean, Tancredik esaten diona bere osaba Fabriziori:
«Se vogliamo che tutto rimanga come è, bisogna che tutto cambi».
“Gatopardismoa” deitzen zaio horri zientzia politikoetan. Aldaketa politiko erabatekoa itxuraz, botere egiturak praktikan azalez baino aldatzen ez direnean:
«Dena aldatu behar da, dena berdin geratzea nahi badugu».
“El Correo”-ren historia errepasatu nahi duenak ez du erraz izaten. “El Correo Español-El Pueblo Vasco 1938-1980” aldiko egunkariak bilatzen dituenari, Interneten, 1998-2023 aldikoak eskaintzen zaizkio. Igual ez dute erakutsi nahi zenbat aldatu diren, eta zenbat ez. Idazpuru aldeko aldaketak behintzat badaude. Azpititulua ezabatu zuten: “Diario de la Falange Española Tradicionalista y de las JONS”. Gero: “El Pueblo Vasco”, eta “español” kentzeko. Baina, ez pentsa umiltasunagatik edo neutraltasunagatik: “espainola” esatea erredundantea da espainola izatea unibertsala izatearen ekibalentea dela uste duenarentzat.

«EL CORREO»
Euskal Herriaren mendebaldeko periodikorik irakurriena izan da (%75eko merkatu kuota omen du gaur egun) 88 urtez, bere ibilbidean funtsezko ezer aldatu gabe. Gerra botin lez antolatu eta diktadura frankistaren organoa izan zen arren, “El Correo”-k Bizkai aldeko moral politikoa kudeatzen jarraitzen du 1937ko udaberri hartatik hona, etenik gabe.
Eta “El Correo”-ren atzean Neguriko aberats inperialak daude. Esklabu trafikoan eta esplotazio kolonialean dirua egin zuten batzuek, beste batzuek Somorrostroko meategietan, edo ontzigintzan. Siderurgia eta banku handiak etorri ziren gero, eta Club Marítimo del Abra, eta Sociedad Bilbaina. 36ko altxamendua finantzatzeaz gainera, elite militar-politikoa osatu zuten, kapitala botere politikoarekin eta prentsarekin fusionatzea lortu zuten.
Demokraziaren eta bakearen alde egon direla beti diote “El Correo”-ko jabeek, espainiar eta europar zibilizazio humanista zabaltzen. Baina, Jose Maria Areilzak edo Samuel Huntingtonek argi formulatu zutenez, burgesia ez da nagusitzen bere ideiak, kultura edo instituzioak hobeak direlako, baizik eta indarkeria antolatuz eta aplikatuz. Ezarri eta gero izaten da mirabetza boluntarioa. Jendeak ahazten du hori beharbada, baina oligarkiak ez, eta bere “El Correo”-k ere ez.
ORAIN ARMAMENTISMOA
Horregatik ari dira orain ere berriro batzuk kapitalak industria belikoan inbertitzen eta besteak aitzakiak, eufemismoak eta gezurrak asmatzen, Espainia eta Europa osoa berrarmatzeko.
Gerra guztietan aberastu dira. Aurki datozenetan ere aberastuko dira, ukrainarren eta europarren kontura.
Goss International Printing Presses errotatiba Euskadiko Industria Ondare Higigarrien Zentroan ikusgai dago, Barakaldon. Museoan, gauzaeztendurik, mutu…
Errotatiba aspaldian aldatu zuten “El Correo”-koek. Orain baliabide askoz modernoagoak eta boteretsuagoak dituzte.

«Ez naiz ezeren jabe sentitzen, ezta neure buruaren jabe ere»

Errotatiba bat: ”Euzkadi” & “El Correo Español”

Lumumba y el Congo: Crímenes colonialistas a ritmo de jazz

El tesoro oculto del pueblo de bronce
