NAIZ

Hendaia gotorleku, Peña II.a-Albisuk «bizi asko» emango liekeen garaipena nahi dute

Baikoko aurrelariak «baliotsu» bezala azpimarratu du igandeko garaipena. Bestalde, Erik Jakak «txapelketako bikoterik sendoenaren aurka» irabazi nahi du larunbatean Iruñeko Labriten –Ezkurdia-Rezusta–, «play-offetan egoteko aurrerapauso bat» emateko.

Jon Ander Peña, igandeko partidan pilota astintzeko prest.
Jon Ander Peña, igandeko partidan pilota astintzeko prest. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Binakako Txapelketak ez du atsedenik eta, jardunaldiak gero eta beroagoak direnean, astean zehar egiten diren material aukeraketek are eta garrantzia gehiago hartzen dute. Asteburu honetan, gainera, hamaikagarren jardunaldian, partidak gutxitan hartzen dituen pilotaleku horietako batera eramango gaitu txapelketak: Hendaia.

Hego Euskal Herri osotik, Bartzelonan barne, jokatu ondoren, aurtengo Binakakoak Ipar Euskal Herrira egingo du salto, hain zuzen ere Lapurdira eta Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekura. Bertan irekiko da ostiral honetan 11. jardunaldia, eta neurketa garrantzitsua egongo da jokoan.

Azken postuan jarraitzen duten Peio Etxeberria-Martija eta asteburuan hirugarren puntua eskuratu zuten Peña II.a-Albisu arituko dira.

Bi bikoteek garaipenez gose dira lehen fase luze hau amaitzeko lau jardunaldi besterik falta ez direnean. Izan ere, Peña II.a-Albisuk Altuna III.a-Aranguren harrapatu dituzte sailkapenean azken bi postuak ekiditeko lehia horretan.

Horregatik, astearte honetan Hendaian egindako material aukeraketan, Jon Ander Peña oso zintzo mintzatu da. «Igandean oso partida baliotsua irabazi genuen», onartu du Baikoko aurrelariak. Orain, ordea, badaki ostiralean beste «partida garrantzitsu bat» dutela eta, irabaziz gero, puntuak «bizi asko» emango liekeela.

Aurkitutako materialari dagokionez, ez dirudi arazoa egongo denik. «Gustuko pilotak aukeratu ditugu frontoi honetan», aitortu du.

Hendaiako pilota jaialdia 20.45ean hasiko da Serie B-ko Bakaikoa-Eskiroz eta Salaberria-Gaskue partidarekin.

Play-offak, begibistan

Gaur Iruñeko Labriten egindako bigarren material aukeraketan, Ezkurdia-Rezusta eta Jaka-Imaz elkartu dira. Aspekoek sendo jarraitzen dute goiko postuetan, Laso-Iztuetarekin batera lider bezala zortzi punturekin berdinduta. Baikokoek, aldiz, lau puntu dituzte.

Irabazteko behar gehien dutenen artean, Erik Jakak «polita eta garrantzitsua» bezala deskribatu du larunbateko neurketa. «Txapelketako bikoterik sendoenaren aurka jokatzea tokatzen zaigu. Lehen bueltan gauzak zail jartzea lortu genuen eta ea orain garaipena lortzen dugun eta play-offetan egoteko aurrerapauso bat ematen dugun», azpimarratu du Lizartzakoak.

Asteazken honetan, beste mi material aukeraketa

Asteazken goizean beste bi material aukeraketak egingo dira. Eibarren, 11.00etan, Altuna III.a-Aranguren eta Laso-Iztueta elkartuko dira; eta Markina-Xemeinen, 13.00etan, Artola-Mariezkurrena II.a eta Elordi-Zabaleta.