Ramon Sola

Estatus berriaren alorrean «zuhurtziaz» gain «anbizio nazionala» eskatu dio Otegik Estebani

EAJko presidente berri den Aitor Estebanek «zailtasunak» nabarmendu ditu estatus berria lortzeko bidean, eta esandakoari heldu dio astearte honetan EH Bilduko Arnaldo Otegik: «Zuhurtzia izatea ondo dago baina anbizio nazionala ere behar da».

Arnaldo Otegi eta Aitor Esteban, elkarrekin solasean «atsegin» asteleheneko Gernikako saioan.
Arnaldo Otegi eta Aitor Esteban, elkarrekin solasean «atsegin» asteleheneko Gernikako saioan. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia Euskadi Irratiko mikrofonoetan egon da astearte honetan, eta bertan EAJren lidertza hartu berri duen Aitor Estebanek esandakoari buruz galdera luzatu dio. 24 ordu lehenago Radio Euskadin eginiko elkarrizketan nolabait ezkor ageri zen agintari jelkidea estatus berriaren alorrean, aurrerapenik izatekotan epe luzera izango direla aipatuz eta Madrilen dauden zailtasunen gainean fokua jarriz.

«Urte asko daramatzagu honetaz hitz egiten eta aurrera egin dugula esan dezakegu», aipatu du Otegik ezer baino lehenago. Eta testingurua erantsi dio: «Aukera-leihoa orain dugu, [Pedro] Sanchezen Gobernuaren alternatiba badakigulako zein den. Denbora ez da mugagabea».

Agertoki honetan, eta are gehiago Madrilen 21 urtetan pilatutako eskarmentua jakinda, Aitor Esteban «zuhur» ibili izana neurri batean ulertzen duela esan du Otegik. «Berak zuhurtzia jarri nahi dio egoerari, eta hori ongi dago, baina guk anbizioa jarri nahi diogu, anbizio nazionala behar dugulako. Oreka bilatu behar da hor», aipatu du. Edozein kasutan, ez du uste EAJren presidenteak adierazitakoa «desmotibagarria» izan behar denik.

Elkarrizketa prozesu honetan gailentzen ari den diskreziotik aldendu gabe, «aurrera egin dugula» berretsi du EH Bilduko idazkari nagusiak. EAJ eta EH Bilduren artean, bereziki, baina PSEren barruan ere gauzak mugitzen ari direla eman du aditzera: Euskal nazioaren onarpenaz Eneko Anduezak esandakoa «balioan jarriko nuke –esan du Otegik–. Hortik bide bat hasten da. Eta horrek gauza asko dakarki atzetik».

Estatu mailan PSOEk ere hori bere egin ote lezakeen galdetuta, «ez nuke esango Moncloaren oniritzirik dagoenik», utzi du argi Arnaldo Otegik. Egungo egoera definitzeko, inbestidura saio batean Mertxe Aizpuruak Kongresuan aipatutako EH Bilduren hiru lehentasunak ekarri ditu gogora. Horietako bat «arazo nazionalari irtenbidea ematea zen, eta horretaz hitz egiten ari gara».

«Lehenengo urratsa Euskal Herrian akordioa erdiestea da: Zer behar dugu aurrera egiteko? Une disruptibo honetan nola babestu behar dugu gure burua?», erantsi du Otegik. Eta estatusaren gainetiko eztabaida zazpi lurraldeetan sustraiturik dagoela pozik ageri da.

«Gutxiengoa Estebanena da: ‘Gora Euskadi askatuta’

Astelehenean Gernika eginiko Gasteizko Legebiltzarraren ospakizunean elkarren ondoan eserita egon ziren Aitor Esteban eta Arnaldo Otegi. Horretaz galdetuta, «biak atsegin egon ginen –erantzun du–. Bakoitzaren nortasunaren gainetik beharrezkoa da hori. Bi familia abertzaleon lidergoan gaude orain, eta bai ala bai ondo eraman behar gara. Elkarrizketa atsegina izan genuen».

Honetan sakonduz, Legebiltzar horrek eragiten dizkion bi oroimen onenak Ibarretxe Plana eta aurretiko Lizarra-Garaziren garaiak direla onartu du Otegik. «Koiuntura historiko batzuetan batu gara –oroitarazi du– eta etorkizunean ere abertzaleak ezin gara ‘zero batuketan’ ibili».

Honi helduta, EH Bilduk bere azken Kongresuan onetsitako ebazpena ekarri du gogora, zeinean espainiar edota europar hauteskundeetara abertzaleak batera agertzeko aukera sustatzen den. «Guretzat ez du zentzu handirik Madrilen lehian aritzeak», argudiatu du Otegik. «Gutxiengo akordioen bidez egin daiteke. Eta zein da gutxiengo hori? Aitor Estebanek berak esan zuen Kongresuan, agur esateko orduan: Gora Euskadi askatuta!».