NAIZ

AEK omenduko du aurten Zeidfest Gaztea jaialdiak

Jaizkibel konpainiaren eta Naizen Elkartearen lekukoa hartuta, AEK-k jasoko du aurten Zeidfest Gaztea jaialdiaren omenaldia. «Plazer eta ohore handi bat» dela esan dute, jaialdia «euskal musikaz, giro onean, eroso, aske eta euskaraz aritzeko gunea» delako.

2024ko Zeidfest Gaztea jaialdiko irudi bat.
2024ko Zeidfest Gaztea jaialdiko irudi bat. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Apirilaren 5ean Barakaldoko BECen izango den Zeidfest Gaztea jaialdiak omenaldia egingo dio AEKri. Hori dela eta, AEKren esku egongo da aurtengo irekiera ekitaldia, eraikineko sarrera nagusian goizeko 11.00etan.

Aurreko urteetan Hondarribiko Alardeko Jaizkibel konpainiaren eta Naizen elkartearen txanda izan zen. Aukera hau izatea «plazer eta ohore handi bat» da AEKrentzat, Aize Otaño Nazio Kontseiluko kideak adierazi duenez.

Horrela, ikasle, irakasle, berbalagun eta AEKide guztiei «euskaraz eroso bizitzeko gune hori aprobetxatzera» dei egin die. Zeidfest Gaztea «euskal musikaz, giro onean, eroso, aske eta euskaraz aritzeko gune horietako bat» da eta.

Lurdes Etxezarreta Nazio Kontseiluko kideak gaineratu duenez, omenaldia AEK-ko euskaltegietan egunero euskara ikasten ari diren milaka ikasleentzat izatea nahi dute. Gainera, jaialdia Barakaldon izanda, Euskal Herriko gunerik erdaldunenetan euskara ikasten ari direnen ikasleek egiten duten lana nabarmendu du.

«Sarri egiten dugu berba euskararen arnasguneei buruz; bada, zorionez horien guztien ahaleginari esker, gero eta ohikoagoa da Bilbon, Ezkerraldea, Arabar Errioxan, Erriberan edota Enkarterrin arnasguneak topatzea, alegia, euskaraz eroso bizitzeko guneez gozatzea», gaineratu du Etxezarretak.