Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Berrestreinaldiak

Iazko Hego Euskal Herriko filmik ikusienen artean ‘Inside out 2’, ‘Gladiator II’, ‘Gru 4’, ‘Vaiana 2’, ‘Dune: 2’ edota ‘Kung Fu Panda 4’ tankerakoak ageri ziren. Urtea hasi denetik zifra zehatzik ez dagoen arren, egungo zinema aretoetako eskaintzan remakeak, prekuelak, superheroiak eta obra askoren nahas-mahasak diren filmak nagusi izaten jarraitzen dute.

Lantzean behin obra originalak eta berritzaileak estreinatzen dira, baina bada azken urteotan hedatzen ari den beste fenomeno bat: zaharberritu edota irudi zein soinu kalitateari hobekuntzak gehitu ostean, bere garian zinematatik igaro ziren (edo ez ziren) film askoren berrestreinaldia.

Hollywoodek sekuelak, remakeak edota rebootak erabili izan ditu orain arte nostalgia ustiatzeko, baina orain bere garaian arrakastatsuak izan ziren filmak berriro estreinatzearen aldeko apustua egiten ari direla dirudi; ‘Pulp Fiction’, ‘Titanic’, ‘Godfather’, ‘Matrix’ eta berriki ‘Paris Texas’, esaterako.

Belaunaldi ezberdinetako ikusleak heldutu egin direla ikusita, eta nostalgiaren aparretan murgiltzeko gogoz daudela, korronte hau Estatu Batuetan bereziki indartsua izaten ari da.

Agerikoa da erabaki honekin etekin ekonomikoa eta errentagarritasuna soilik bilatzen dela, baina mugimendu hau baikortasunetik aztertu nahiko nuke. Ikusleek gurtzen zituzten klasikoak berriro pantaila handian estreinatzea agian lagungarria izan daiteke gogorarazteko zergatik joaten ginen lehen hainbeste zinemara eta zoritxarrez egun hain gutxi. Gainera, adinarengatik bere garaian pantaila handian ikusi izan ez genituen izenburuak zinemetan ikusteko aukera izatea paregabea iruditzen zait.