NAIZ

«Indartsuenaren legearen» aurka azaldu da Pradales Gernika Batailoiaren omenaldian

«Demokraziaren, giza eskubideen eta askatasunaren alde bizia arriskatu zutenak» omendu ditu Lakuako Gobernuak larunbat honetan Gernika-Lumon, bertako Udalarekin batera. 1945eko apirileko Pointe de Graveko gudutik 80 urtera, totalitarismoaren kontra eta demokraziaren eta bakearen alde egin dute.

Gernikako batzarretxean ere egin diete harrera Gernikako Batailoiko borrokalarien ondorengoei. Une hunkigarriak izan dira.
Gernikako batzarretxean ere egin diete harrera Gernikako Batailoiko borrokalarien ondorengoei. Une hunkigarriak izan dira. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Diskurtso populista eta autoritarioei aurre egiteko prest azaldu da Imanol Pradales Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakaria, larunbat honetan Gernika Batailoiari egindako omenaldian. «Indartsuenaren legean oinarritutako munduko ordena bat» defendatzen dutenei erantzutearen alde egin du, eta Europak «baturik, gerraren aldeko diskurtsoetan eta arrazoirik gabeko alarmismoetan erori gabe» jokatu behar duela aldarrikatu du, «bere askatasuna, segurtasuna eta sortu zeneko balioak babesteko».

80 urte dira Pointe de Graveko (Estatu frantsesa) gudatik, eta urteurren horretan omendu ditu Lakuako Gobernuak, Gogora Institutuarekin eta Gernika-Lumoko Udalarekin batera, «demokraziaren, giza eskubideen eta askatasunaren alde bizia arriskatu zutenak».

Gerra galdu ondoren ere, «gure herriak demokrazia eta giza eskubideak defendatzen jarraitu zuen Europan», baloratu du Pradalesek. Esan duenez, Gernika Batailoia «Euskadiren sinboloa da, egoera dramatiko eta ohiz kanpokoetan, diktadurak eta erbesteak ahulduta, totalitarismoari aurre egiteko lankidetzan aritzeko eta antolatzeko gai izan zena».

«Ohore egiteko modurik onena, sakrifikatu zireneko hura baloratzea eta babestea da», azpimarratu du.

Pointe de Graveko bataila

Gernika Batailoia Euskadiko behin-behineko gobernuak sortu zuen, Kepa Ordoki ANVko militantea gidari zela. Alderdi eta sindikatu ugaritako gudulariak batu, eta ideologikoki anitza zen gudarostea osatu zuten.

1945eko apirilean, ideologia anarkistako errepublikano espainiarrek osatutako Libertad Batailoiaren ondoan, Gernika Batailoiak nazi alemaniarren aurka borrokatu zuen Pointe de Graveko batailan, Médoc eskualdean. Guztira Gernika batailoiko bost kide hil eta 35 zauritu ziren.

Honakoak izan ziren hildako bost borrokalariak: Felix Iglesias Mina, Atarrabiakoa; Juan Jose Jausoro Sasia, Alonsotegikoa; Antonio Lizarralde Garamendi, Durangokoa; Antonio Mujika Arrizabalaga, Donostiakoa; eta Prudencio Orbiz Uranga, Villabonakoa.

Senideen partaidetza

Ekitaldian borrokalarien ondorengoek parte-hartu dute. Han izan dira Txomin Arruti, Gotzon Arrutiren iloba; Joserra Atorrasagasti, Jokin Atorrasagastiren semea; Koro Mujika, Antxon Mujikaren iloba, baita Gernika Batailoiko kideen beste 30 senide ere.

Ohorezko aurreskuaren ondoren, lore eskaintza egin dute, lehendakariak eta erakundeetako ordezkariek lagunduta.

Erakundeen parte-hartzea ere garrantzitsua izan da. Jose Maia Gorroño Gernika-Lumoko alkatea buru, han izan dira Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordea, Victoria de Jesus Ertzaintzako zuzendaria eta Josu Bujanda Ertzaintzako burua. Legebiltzarretik, Bakartxo Tejeria presidentea, Eba Blanco bigarren presidenteordea, Jon Aiartza lehen idazkaria, eta Irune Zuluaga, Ima Garrastatxu, Pau Blasi eta Xabier Barandiaran legebiltzarkideak izan dira.

Bizkaiko Batzar Nagusien izenean, Ana Otadui presidentea eta Rakel Goñi bigarren presidenteordea izan dira. Jarraian, harrera egin diete omenduei batzarretxean, Gernikako Arbolaren magalean. Beren mezuak eta sinadura utzi dituzte batzarretxeko ohorezko liburuan.